ordua

viernes, 21 de diciembre de 2018

NEGUKO SOLSTIZIOA

 Mende askotan zehar ospatu izan den jaia:
                         ABENDUko SOLSTIZIOA


Gaur, abenduak 21, NEGUKO SOLSTIZIOA ospatzen dugu Ipar hemisferioan.
Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkiaren aurkako noranzkoan orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan. Ipar hemisferioan, hauek:
-     Urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena dituen eguna da.

-     Eguzki-izpiak zerumugarekiko inoiz hartzen duten altuerarik txikienera iristen dira ipar hemisferioan. Horregatik, eguzki-izpiek angelu txikia sortzen dute Lurrarekin eta inoiz baino izpi gutxiago iristen dira azalera-unitate bakoitzeko.


-     Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.
Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa, eta abenduan ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hego hemisferioan.

Beste jai pagano asko bezala, abenduko solstizioaren ingurukoa ere kristautasunak bereganatu eta moldatu egin zuen.
Duela 1.700 urte inguru, Konstatino I.a Handia enperadoreari komenigarria iruditu zitzaion Jesusen jaiotza Erromatarren Inperioko jai paganorik ospetsuenarekin, hau da, Eguzki Berriaren jaiotza ospatzeko egiten ziren Saturnoren jaiekin kointzidiaraztea. Ospakizun zahar eta ezagun hori neguko solstizioan zentratuta egon da beti.
Abenduan egunak oso laburrak dira Ipar Hemisferioan, eta solstizioaren ondoren luzatzen hasten dira berriro. Antzinako jendeak uste zuen eguzkia zahartu egiten zela hil arte, eta solstizioan Eguzki haurra jaiotzen zela. Iluntasunetik argirako aldaketa ospatzen da, beraz. Erromatarren Inperioaren garaian, urteko gertaera sozial garrantzitsuena Saturnoren jaiak (Saturnalia) ziren; Saturnoren, nekazaritzaren eta uzten jainkoaren omenez egiten zirenak. Saturnorekin batera, beste jainko kutuna Sol Invictus (Eguzki garaitezina) zen, eta haren jaiotza hain justu, abenduaren 25ean ospatzen zuten –Ave Sol Invictus.
Ortuetako lanak amaitu eta gaurik luzeena iristen zenean, erromatarrak lasaitu egiten ziren, modu informalean jantzi eta urte osoan zorrotz bete behar izaten zituzten arauak ahaztu egiten zituzten. Ospakizuna Saturnoren tenpluan hasten zen jan-edate izugarriekin, “Saturnalia” oihukatuz, eta dantza eta abestien artean, opariak trukatzen zituzten lagunen artean: fruta, intxaurrak, argizari-kandelak eta terrakotazko iruditxoak.
Horrek guztiak antz handiegia du gaur egun Gabonak ospatzeko moduarekin, ezta? Oturuntzak, opariak, denek poz-pozik egon behar hori…
Jaiak irauten zuen bitartean, ikastetxeak, auzitegiak eta dendak itxita egoten ziren, eta, nola ez, gehiegizko jan-edanak egiten zituzten. Pentsa zenbaterainoko askatasun eta desinhibizioa bizi zuten erromatarren sasoi horretan, kristauek “orgia” zela esateko, “Saturnalia” hitza erabiltzen baitzuten.
Gaur egun oraindik, kultura askotan ospatzen da neguko solstizioa: herri indigenentzat -aimara, kitxua, rapa-nui eta maputxeentzat- kasu, garai hori aurreko urteagatik eskerrak emateko unea da, eta Eguzkiari neguaren ostean gogotsu itzultzeko eskatzen diote.
Saturnalia jaiek nahiz solstizioaren ingurukoek, familia, ugalkortasuna, aldaketa, berrikuntza, babesa, ziklo berria… zituzten ardatz.
Adibide gisa, hona neguko solstizioa oso modu desberdinean ospatzen duten hainbat herri:


.Japonia: “Amaterasu”, eguzkiaren jainkosa omentzeko jaia.




.Laponiako Samien herria: “Beiwe”, eguzkiaren jainkosaren  jaia ospatzen dute.





.Mali-ko dogon herria: “Goru” izeneko ospakizuna, uztaren azken errituala.






.Gabonetan, kristauen ospakizunik ezagunena, Jesusen jaiotza da.


Beraz, gaur egun zer ospatzen dugun oso argi ez badugu ere, dudarik ez dago aldaketa sasoia dela.
Hortaz,  SaturnaliaAve Sol Invictus, Solstizio zoriontsua edo Eguberri on! Bakoitzak ospa dezala nahi duena.
Hori bai, edonola ospatzen duzula ere, ONDO-ONDO PASA!


No hay comentarios: